Bidasoa Irun “ilusioz eta gogotsu” doa ostiral honetan Madrilen hasiko den Errege Kopako azken fasera. “Gure lana ongi egiteko ilusioarekin goaz”, adierazi du Jacobo Cuétara entrenatzaileak asteazken honetako prentsaurrekoan.
“Handikap bat eta errealitate bat dugu”, azaldu du entrenatzaileak. Zailtasunen aldetik, azken hiru astetan egon diren lesioak gogoratu ditu: “Hainbat jokalari gutxi entrenatuta iritsiko dira, eta ez da onena sasoi onenean iristeko. Eta pena da, kontuan hartuta urtarrilean egin genuen lan oso ona kontuan hartzen badugu”.
Honekin batera, prestatzaile asturiarrak taldeak egin duen azken hilabetea azpimarratu du: “Azken hamar puntuetatik zazpi irabazi ditu taldeak. Puntu gehien lortu dituen taldea gara Barça (hamarretik hamar) eta Incarlopsa Cuencaren (zortzi puntu) atzetik. Bada Huescaren aurka galtzeagatik ezin dugu hau ahaztu”.
Aurrean hamar puntutik zazpi lortu dituen BM. Benidorm egongo da, iazko aurkaria. Hala ere, Bidasoa Irun ez doa Madrilera mendeku gosez: “Dugun arantza gehiago da barne analisi baten ondorioa, ez genuela neurketa ona egin, arerioa baino. Gainera, Kopa hartan ez zeuden jokalariak ere baditugu. Batez ere, gauzak ongi egiteko ilusioarekin goaz, iraganari begiratu baino”.
“Errege Kopa txapelketa berezia da. Testuinguruak askotan ez du hainbeste axola, ezta aurretik egindakoa ere. Momentuan momentuko lanak du garrantzia, lehiakor izatea momentu horretan bizirik jarraitzeko. Iraganik ez dago, soilik etorkizuna, neurketa irabaztea lortzen baduzu”.
Era berean, Julen Aginagaldek “horrelako txapelketa bateko lehen partida neurketa arraroa” izan ohi dela gogoratu du. “Gora-behera asko egoten dira eta ziurrenik ez dira neurketa distiratsuak izaten, baina bai aurrera atera beharrekoak”, adierazi du. Bere aburuz, “sendoen dagoen eta bere jokoa nagusitzea lortzen duen taldeak izango du abantaila”.
Aurten Bidasoa Irunera itzuli ostean, bere lehenengo Errege Kopa izango da: “Egia esan, galdetu didazuen arte ez dut horretan erreparatu. Ostiraleko neurketan sartuta nago burubelarri, baina bai, gogoak ditut Bidasoarekin horrelako partida bat jokatzeko”.
BM. Benidorm “bolada onean” datorren taldea da, eta “neurketa zaila izango da. Gure taldearengan eta egiten dugun lanarengan konfiantza osoa dut, eta gure jokoa eta gure lanaren kalitate hori erakusten badugu, irabaz dezakegu”.
Errege Kopak hainbat sari ditu, baina Aginagaldek ez ditu buruan: “Sari horiek hor daude, baina epe ertainerako kontuak dira. Lehenengo neurketa gainditzen ez badugu, ez da halakorik. Taldeak oso argi du eta ostiraleko neurketaz haratago ez dugu pentsatzen”.