Bidasoa Irunek ezin izan dio larunbat honetan bolada onari jarraipena eman Bada Huescaren aurka 29-23 galdu ostean. Lehenengo jokaldi eta aldeak Adrián Crowley eta Julen Aginagalderi esker bidasotarren aldekoak izan arren, etxeko taldeak zortzigarren minuturako bi goleko errentatxoa lortu du (4-2), eta atsedenaldira bitarteko bidea erakutsi dio. Talde gipuzkoarrak gorriak pasa behar izan dut, bost gol atzetik ikusi baitu bere burua 23. minutuan. Hala ere, Jacobo Cuétararen taldeak ez du amore eman eta atsedenaldirako aldea 13-10ra murriztea lortu dute.
Gogotsu eta bide onean ekin dio Bidasoa Irunek bigarren zatiari, eta Azkuek hasi eta zortzi segundutara sartu du 13-11koa. Aurretik berdintzeko beste bi aukera izan arren, Bidasoa Irunek 40. minutuan berdindu du estreinekoz neurketa 5. minututik (17-17). Eszenatokia guztiz aldatuta, etxeko taldeak hutsartea eskatu behar izan du, gauzak zeudenera itzultzeko asmoz. Neurketako minutu lehiatuenak izan dira, baina gutxinaka Bada Huescak berriz ere aldea irekitzea lortu du, amaierako 29-23 arte.
Txapelketaz aldatu eta Errege Kopan murgilduta, bidasotarren hurrengo neurketa datorren ostiralean (15:00etan) izango da Madrilgo WiZink Centerren BM. Benidormen aurka.
Fitxa teknikoa
29 – Bada Huesca (13+16). Espinha, Montoya (4), Adrià Pérez (3), Mosquera (2), Marcelo (6), Sergio Pérez (1), Pinto (9, 4 p.); Broto, Arguillas, Carmona, Tioumentsev (1), García (1), Rodrigo (1), Gucek (1), Malo, Asier Nieto.
23 – Bidasoa Irun (10+13): Sierra, Cavero (1), Crowley (4), Julen (5), Salinas (5, 2 p.) Tesoriere, Bonanno; Larrarte, Racotea (2), Zabala, Kauldi, Serrano, De la Salud (2), Azkue (4), Da Silva, Nieto.
Partzialak. 1-2, 5-3, 7-4, 9-6, 12-7, 13-10; 16-13, 17-16, 19-17, 22-19, 26-20, 29-23.
Epaileak. García Serradilla eta Marín Lorente. Bi minutuz Carmona (birritan), Gucek eta Marcelo kaleratu dituzte etxekoen aldetik; eta Adrián Crowley.
Bestelakorik. Sacyr ASOBAL Ligako 22. jardunaldia, Huescako Palacio de los Deportes 300 zaleren aurrean jokatutakoa. Etxeko zaleak pabilioira itzuli dira behin Aragoiko Gobernuak murrizketak leundu ostean.