Bidasoa Irunek hilabete honetan dituen Sacyr ASOBAL Ligako neurketa guztiak telebistaz jarraitzeko aukera izango da, ASOBAL Ligak berak ostiral honetan jakinarazi duenaren arabera.
Behin joan den asteazkeneko Leóngo neurketa eta asteburu honetakoa Frigoríficos Morrazoren aurka telebistaz ikusteko aukera izanda, zaleek otsaileko beste hiru norgehiagokak ere zuzenean ikusteko aukera izango dute: Fertiberia Puerto Sagunto, Helvetia Anaitasuna eta Bada Huescaren aurka.
Bidasoa Irunen otsaila:
- Otsailak 3, 19:00etan, Abanca Ademar 27-33 Bidasoa Irun (Gol TV).
- Otsailak 7, 12:00etan, Bidasoa Irun-Frigoríficos Morrazo (ETB1).
- Otsailak 13, 17:00etan, Fertiberia Puerto Sagunto-Bidasoa Irun (LaLigaSports TV).
- Otsailak 20, 16:00etan, Bidasoa Irun-Helvetia Anaitasuna (ETB).
- Otsailak 27, 12:00etan, Bada Huesca-Bidasoa Irun (Gol TV).
Ezagututako hiru neurketa berri hauekin, lehen 22 jardunaldietan 17 izango dira zale bidasotarrek telebistaz gozatzeko aukera izan duten norgehiagokak ate ireki baina murriztua eta ateak itxita uztartzen duen denboraldi zail honetan.
Ligako 22. jardunaldia jokatu ostean, Sacyr ASOBAL Liga etengo da, Errege Kopako fase finala ospatuko baita Madrilen martxoaren 5, 6 eta 7an.