Garaipen loriatsua lortu du Bidasoa Irunek Leónen Sacyr ASOBAL Ligaren itzuleran Abanca Ademar 27-33 mendean hartu ostean. Neurketa hasieratik izan da irundarren aldekoa, eta minutuak pasa ahala nabarmendu dute euren nagusitasuna. Kauldi Odriozolak markatu du bidasotarren erritmoa etxeko taldearen atearen aurrean: lehen hamar minutuetan, sartu dituen 11 goletatik 4 egin ditu.
Zumaiarrak sartu du 17. minutuan lehen zatian alderik zabalena izango zen tartea irekitzeko balio izan duen gola (9-13), eta nahiz eta Leóngo taldea hurbildu (27. minutua, 16-18), irundarrek 16-20 nagusi ekin diote aldageletako bideari.
Bigarren zatian ere Cuétararen taldea izan da nagusi, eta atsedenaldirako lortua zuen errenta kudeatzeaz gain, 42. minututik (22-26 markagailuan) ia 52. minutura (22-29) golik ez du jaso, eta neurketa guztiz bideratuta utzi du, zenbakietaz haratago, jokuaren aldetik amaierako 27-33 emaitza lortu arte.
Bidasotarren hurrengo neurketa Frigoríficos Morrazoren aurka Artalekun larunbat honetarako (18:30ean) aurreikusita dago, baina ez da behin-betiko data.
Fitxa teknikoa
27 – Abanca Ademar León (16+11). Slavic, Lucin (3, 1 p.), Martínez-Camí (1), Donlin (1), Jaime Fernández, Pérez Arce (8, 2 p.), Semedo (3); Khalifa, Marchán (3), Feuchtmann (3, 1 p.), Suárez (5), Gostovic, Carrillo, Martínez, Piechowski eta Kisselev.
33 – Bidasoa Irun (20+13): Ledo, Crowley (1), Odriozola (11, 1 p.), Julen (4, 1 p.), Salinas (4), De la Salud (6), Azkue (6); Sierra, Cavero, Racotea (1), Zabala, Serrano, Tesoriere, Bonanno, Furundarena eta Gey-Emparan.
Partzialak. 2-4, 6-7, 8-11, 11-15, 14-16, 16-20; 18-23, 21-25, 22-28, 22-29, 25-32 eta 27-33.
Epaileak. Jesús Álvarez Menéndez eta José Carlos Friera Cavada. Bi minutuko zigorrak etxekoentzat: Semedo (birritan), Donlin (birritan), Lucin eta Cadenas entrenatzaileari; Bidasoa Irunen aldetik, Racotea (birritan), Zabala eta Bonanno.
Bestelakorik. Sacyr ASOBAL Ligako bigarren itzuliko lehen jardunaldia Leóngo Palacio de los Deportes pabilioian jokatua ateak itxita.