C.D. Bidasoak “oso balantze positiboa” egin du amaitu berri den koronabirusak zeharo baldintzatu duen Eguberrietako kanpainaren inguruan. Denda, kamiseta arrosen enkantea, webgunearen berritzea eta Ondareko erraldoi bidasotarraren aurkezpena izan dira data berezi hauetan ezagutu diren berritasun nagusiak. Pasa diren Gabonak inoiz baino ezberdinagoak izan dira.
Pandemiaren baldintzek Din-Dan-Gol ekimenaren edizio berri bat eta beste ohiko ekimenak martxan jartzea eragotzi dute, baina beste batzuk egiteko aukera izan dugu. Horien artean, San Juan inguruan irekitako denda izan da berrikuntza nagusia. Dendak abenduaren 2an ireki zituen ateak eta urtarrilaren 9ra arte egon da zabalik. Ordutik, edozein gorabehera klubaren bulegoaren bidez konpontzen da (posta elektronikoz, bazkideak@cdbidasoa.eus, eta telefonoz, 943 62 52 85).
Gabonetako kanpainak bi bultzada on izan ditu Olentzero eta Erregeekin, hasierako irekieraz gain, produktu batzuk agortzeraino. Salduenen artean denboraldi honetako kamiseta, klubaren musukoak eta Bidassoa Basque Breweryren Handball pack-a izan dira. Lehen taldeak Barçaren aurka helburu solidarioekin erabilitako kamiseta arrosak ere arrakasta izan du. Enkanteak izan zuen oihartzuna ikusita, salgai jarraituko du klubeko webetik sar daitekeen Geffen webgunean.
Denda izan da, halaber, data horietako elkargunea, baita 1995ean irabazitako Europako Kopa dela-eta urtean zehar egin diren lehiaketetako sariak jasotzeari dagokionez ere. Efemeride hori imajinatzen ez genuen moduan ospatu behar izan da, beti ere duela 26 urte Irun Europako hiriburu bihurtu zela gogorarazteko sortu zen batzordearen lan eta bultzadari esker.
Gabonetan zehar izan dugun hirugarren ekintza nagusia Ondareko erraldoi bidasotarraren aurkezpena izan da: Tomas Svensson eta Aitor Etxaburu dira erraldoi horren protagonista nagusiak. Zaleen ekarpenei esker atera zen aurrera 2019/2020 denboraldian, eta Irun eta Iruñea artean landu da pieza, Artalekun aurkeztu den arte. 200 pertsona inguru hurbildu dira erraldoia bisitatzera urtarrilaren 4tik 5era bitartean, erraldoia kalean dantzatzen ikusteko aukera izan arte.
Ekimen horiek guztiek, era berean, klubeko webgune berrituan jaso dira. La Plaza agentziak egindako lana, Artalekun aurkeztu zen joan den abenduaren 23an, zaleei zerbitzu hobea emateko eta nondik norako guztiak gaztelaniaz zein euskaraz emateko helburuarekin.
C.D. Bidasoak eskerrak eman nahi dizkie zaleei aste hauetan ekimen hauei emandako babesagatik, eta bereziki, Amadeus lokalaren jabe diren Iñarra ahizpen inplikazioagatik, eta Alkain eta Serman Servicios Integralesen ekarpen materialagatik, denda martxan jartzeko jarritako erraztasunengatik.