Bidasoa Irun ostiral honetan itzuli da Artalekuko lanera. “Urtarrila hilabete garrantzitsua izan ohi da gure prestaketan: lehenik eta behin, otsailera lehen itzulian eman genuen maila altuenera ahalik eta hurbilen iristeko, eta ahal bada, hobetu edo hazteko, oso zaila baita hori lortzea bigarren itzulian”, aitortu du Jacobo Cuétara entrenatzaileak. Horretarako, taldeak hainbat entrenamendu eta hiru lagunarteko aurreikusi ditu: Bada Huesca, Helvetia Anaitasuna eta Fenix Toulouse.
“Urtarrila normalean ongi datorkigun hilabetea da, nahiz eta iaz ez zen horrela izan pairatu genituen lesioak medio. Otsaila eta martxora begira min egin zigun faktoreetako bat izan zen”, adierazi du entrenatzaileak.
Hiru lagunarteko izango ditu Bidasoak: “Bi elementu izan ditugu kontuan: osasun segurtasuna, berme handiekin ibiltzen diren arerioak izango ditugu aurrean, eta kalitatezko taldeak, taktikoki aberatsak eta ongi daudenak”. Artalekutik urrun, Bidasoa Irunek Bada Huesca hilaren 20an; Helvetia Anaitasuna (23an); eta Fenix Toulouseren aurka (28an) jokatuko du.
Hasi berri dugun urteari begira, Jacobo Cuétarak “zoriontsu izaten jarraitzea” eskatu du: “Jokatzen dugunean, entrenatzen dugunean, taldeaz gozatzen dugunean gara zoriontsu, sortzen den giroaz eta irabazten dugunean gozatuz. Batez ere, gure lana egiten jarraitzea eta dugun zoriontasun mailari eustea lortzen ditugun emaitzei eta talde barruan sortzen den giro politari esker”.