Bidasoa Irunek ostiral honetan galdu egin du Granollersera egindako bisitan (30-29), lehen zatian hasitako emaitza onari bigarren zatian jarraipena emateko aukerarik ez eduki ondoren. Partida etxekoen aldeko abantailekin hasi zen, eraso batzuetan hiru goleko errenta lortzeko aukera izanda. Jacobo Cuétarak entrenatzen duen taldeak eutsi dio eta 20 minuturen buruan Iker Serranok bidasoarrei lehen abantaila eman dio. Irundarren minuturik onenak izan dira, non Rodrigo Salinas, arratsaldeko golegile hoberenaren zazpi golekin, hiru goleko aldea irekitzea lortu duen (min. 26, 11-14). Atsedenaldiko abantaila, bi golekoa zen (13-15).
Bigarren zatiak, lehenengoak ez bezala, etxekoen kolorea izan du. Fraikin BM. Granollersek lehenengo hamar minutuak gipuzkoarren errenta deusezteko baliatu ditu (min. 41, 19-19). Hortxe egon dira neurketaren norabidea aldatu duten sei minutu luzeak, 15-18tik 20-19ra igaro direnak. Inertzia horrekin, talde katalanak lau goleko abantailak izan ditu (47. minutuko 24-20 eta 54. minutuko 28-24). Bidasoa Irunek ez du neurketa galdutzat eman, baina erreakzioari denbora falta izan zaio amaierara 30-29 iritsi direnean.
24 punturekin taulan bigarren jarraitzen duen Bidasoa Irunek hurrengo neurketa Fertiberia Puerto Saguntoren aurka izango du astearte honetan, 18:30ean, Artalekun.
Fitxa teknikoa
30 – Fraikin BM. Granollers (13 + 17). Guardia, Pérez (3), Lancina (1), Chema Márquez (6), Valera (4), Esteban Salinas (8), Gassama (4); Gurri, Ferré, Marc García, Martínez (2), Armengol, Franco eta Antonio García (2).
29 – Bidasoa Irun (15 + 14). Ledo, Crowley (2), Racotea (1), Kauldi (4), Salinas (7), Tesoriere, Matheus da Silva; Sierra, Zabala (1), Gey-Emparan (2), Julen, Serrano (2), Azkue (4), De la Salud (5), Bartók (1 p.), Bonanno.
Partziala. 3-1, 6-4, 7-6, 10-9, 11-13, 13-15; 14-17, 18-19, 21-20, 25-22, 28-24, 30-29.
Epaileak. García Serradilla eta Marín Lorente. Etxekoen aldetik, Valera (birritan) eta Antonio García kanporatu zituzten; eta bidasotarren aldetik, Racotea (birritan), Bonanno, Bartok eta De la Salud.
Bestelakorik. Granollerseko Palau d’Esports-en ateak itxita jokatutako Sacyr ASOBAL Ligako 17. jardunaldia.