Bidasoa Iruneko entrenazailea, Jacobo Cuétara, pozik agertu da Incarlopsa Cuencaren aurka garaipen garrantzitsua erdietsi ostean. “Minutuak aurrera joan ahala, hobera egin dugu”, adierazi du asturiarrak, taldea “sendo” ikusi duen neurketa bati buruz.
“Lehen zatia berdintsua izan da, gauzak zail jartzen dituen arerio baten aurka. Oso zaila da alor guztietan asmatzea, akatsak egon badaude arerioaren maila ikusita”, aitortu du Cuétarak. Bigarren zatia, ordea, “gurea izan da. Taldea oso ongi ikusten genuela esan genuen ostiralean, momentu onean. Cuencak aste osoa izan du neurketa prestatzeko, ez guk bezala, baina hala ere, taldean bagenekien 60 minututan zehar hor egon behar genuela, amaierara hobeto iristeko aukerak genituelako. Horrela izan da.
Cuétarak taldea “sendo” ikusi du: “Lehen zatian gure erasoa, kontuan hartuta zer nolako defentsa genuen aurrean, gustatu zait, gehienetan ongi erasotu dugu euren defentsa. Incarlopsa Cuenca arerio latza da, onena ematea eskatzen dizuna eta hari errentak ateratzea asko kostatzen da”.
“Ezin dugu ahaztu Sacyr ASOBAL Liga txapelketa gogorra dela, eta behin ez bazaude zure onenean, edonork irabaz zaitzakela”, gogoratu du Cuétarak. Bere hitzetan, “egunero maila gorenean ibiltzea ezinezkoa da Barça ez bazara. Lortu ditugun puntuei balioa eman behar diegu: gure atzetik dauden taldeei lau puntuko errenta ateratzen diegu, alde ona, eta ikusiko dugu mantentzeko gai garen lehen itzulia bukatu artean”.