Bidasoa Irunek bi puntu oso garrantzitsu lortu ditu Huerta del Reyn Recoletas Atlético Valladolid 32-34 mendean hartuta, eta zazpigarren garaipena jarraian lortuta. Neurketak kolore horia izan du hasieratik. Lehen gola iaz garaipenaren gola azken segunduan egin zuen Sergio de la Saludek sartu du, bere zortzi golen artean lehena. Jacobo Cuétarak entrenatzen duen taldeak pixkanaka tartea ireki du, eta hamabigarren minutuan aldea lau golekoa zen.
Etxekoek eskatu duten hutsartearen bueltan, lehengo lepotik burua, gipuzkoarrek bost goleko sei errenta lortu baitute atsedenaldiko 15-19ra iritsi bitartean. Kauldi Odriozolak hogeigarrena eskutan izan du: bere zelaitik bota du baloia, baina atean denboraz kanpo sartu da.
Bigarren zatia lehenengo zatiaren bidetik hasi da, Rodrigo Salinasek sartu duen goletik hasi (sei egin ditu) eta sei goleko aldea lortu arte 38. minutuan (18-24). Hortik aurrera, neurketa berdindu egin da eta gaztelarrak hurbildu egin dira. Azken minututan bermatu dute garaipena bidasotarrek. 31-33 markagailuan, Cuétarak hutsartea eskatu eta erasoan, Bartókek sartu du behin betiko gola, arratsaldeko bere zazpigarrena.
Hirugarren sailkatua bere etxean mendean hartuta, taldeak Puente Genilerako bidea hartuko du. Larunbatean Ángel Ximénezen aurkako neurketa du zain ( (19:30ean, LaLigaSports TV).
Fitxa
32- Recoletas Atlético Valladolid (15+17) Calle; Nico López (1), Adrián Fernández (10), Patrianova (3), Roberto Pérez, Serrano (1), Miguel Camino (4); César Pérez, Miguel Martínez (4), Ugarte (3), Diego Camino (5, 4 p.), Dani Pérez (1), Álvaro Martínez.
34 – Bidasoa Irun (19+15). Sierra; Crowley, Kauldi (6), Aginagalde (1), Salinas (6), De la Salud (8, 1 p.), Bartók (7); Ledo, Tesoriere, Matheus da Silva, Cavero (2), Zabala (1), Serrano (3), Bonnano, Nieto.
Partzialak. 2-3, 3-6, 7-10, 8-13, 12-17, 15-19; 18-22, 20-24, 23-27, 25-30, 28-31, 32-34.
Epaileak. Fernández Molina eta Murillo Castro. Bi minutuz Nico López eta Miguel Camino kaleratu dituzte Recoletas Valladoliden aldetik; eta Tesoriere, Da Silva, Crowley, Zabala eta Aginagalde, Bidasoa Irunen aldetik.
Bestelakoak. Sacyr ASOBAL Ligako hamargarren jardunaldiko neurketa. Ateak itxita jokatu da Huerta del Rey kiroldegian (Valladolid).