2020/04/22: zaleei gutuna

Zale estimatu hori:

Asteazken honetan 25 urte beteko dira Tomas Svenssonek Europako Kopa ia hutsik zegoen Dom Sportovan altxa zuenetik, baina egun deseroso eta mingarriak dira gure gizartearentzat. 1995eko apiril hartan C.D. Bidasoak lortu zuena harrotasunez eta esker onez gogoratzeko uneak, hala ere. Hilaren 9tik 22ra arte. Garaipen ahaztezinez jositako denboraldia itxi zuten bi aste horiek gogoratzeko.

Mende laurden pasatu ondoren, Europako eskubaloiko hamaika agintarik aipatu digute aurten, Kolonian ospatutako bileretan eta Vienan egin zen VELUX EHF Champions Leagueko zozketan, Elgorriaga Bidasoak 1995. urtean irabazi zuena. Kantxan irabazitako Kopaz mintzo ziren, 30-20 amaitu zen neurketa hartaz, baina baita kantxatik kanpo klub hark irabazi zuen begiruneaz: tatxarik gabeko ospea kudeaketan eta zalego adoretsu bezain adeitsua arerioarekiko eta kirolarekiko. Arrakasta hartan parte hartu zuten pertsona guztiak zoriondu nahi ditugu: kantxatik kanpo, Beñardo Garcia presidentea buru zuen taldea, eta kantxa barruan, Juantxo Villarrealen esanetara zegoen taldea.

Gauza jakina da talderik sendoena dela jokalari eta entrenatzaile bikain, erakundeen bultzada, babesle eta laguntzaileen inplikazioa, lantalde zabala, zalego nekaezina, kazetariak eta, azken finean, herri oso bat atzean dituena. Gaur, garai hartan bizi izandakoa gozatu eta gogora ekartzen dugu; historia ez da nahikoa aurrera jarraitzeko, baina komeni da kontuan hartzea bide berari ekin nahi badiogu.

Irungo Udalaren eskutik 25. urtemugako batzordeak prestatu dituen ekitaldiak zalantza eta oinaze garaiekin topatu dira. C.D. Bidasoa erakunde publikoen eta gizarte osoaren esanetara jarri da pandemia honi buelta ematen laguntzeko. Biktimen eta euren sendien ondoan, gure babesik beroena eskainiz.

Bigarren Liga ospatu genuen hilaren 9an, eta asteazken honetan Europako Kopa gogoratuko dugu. Irailean, berriz, gure kluba lehenengoz Ohorezko Mailara igo zenetik 50. urteurrena ospatuko dugu. Gaurko egoera gainditzen dugunean, merezi duen moduan ospatuko dugu guztiok elkarrekin.

Sosegu, lasaitasun eta sendotasun garaiak dira. Baita harrotasun eta poztasun egunak ere. Gure etxeetako balkoi eta leihoetan Europa liluratu zuen kolore horizko kamisetak, bufandak, marrazki eta posterrak zintzilikatzeko egunak. Berreskura dezagun asteazken honetan duela 25 urte aurpegian marraztu zitzaigun irribarrea, Irun Europako hiriburu bihurtu zeneko hura.

Eskerrik asko!,

Gurutz Aginagalde,
C.D. Bidasoako zuzendaritza batzarreko presidentea