Europako Kopako 25. urteurrena, martxan

Irungo alkate Jose Antonio Santanok eta CD Bidasoako lehendakari Gurutz Aginagaldek aurkeztu dituzte Europako Eskubaloi Kopa lortu zeneko 25. urteurrena ospatzeko hiriak datozen hilabeteotan egingo dituen ekitaldiak. Horregatik zegoen Beñardo García ere, 1995eko Europako Kopaz gain, nazioko eta nazioarteko titulu posible guztiak lortu zireneko hamarkada zoragarri hartan CD Bidasoako presidente zena.
 
1994/1995 denboraldian, hain zuzen, egin zituen CD Bidasoak, orduan Elgorriaga Bidasoak, denboraldi berean Liga txapelketa eta Europako Kopa, Irun eskubaloiaren Europako hiriburu eta nazioarteko eskubaloirik onenaren erreferentzia bihurtuz.
 
Garciak adierazi zuenez, “zirraragarria da 25 urteren ondoren denok emozioz gogoratzen dugun zerbait izaten jarraitzen duela ikustea. Zagrebeko partida hura, Irunera iristea, Juantxoren bertsoa udaletxeko balkoitik. Irundarrekin batera une haiek berriz bizitzea pentsatze hutsak hunkitu egiten nau berriro”.
 
“Ez gara Europako lehiaketa bat irabazteaz ari, askoz gehiagoz ari gara. Hiria eman egin zitzaion erabat taldeari, eta uste dut inoiz ez dela ikusi San Juan plaza egun hartan bezain betea. Tituluz betetako hilabeteak izan ziren, liga ere irabazi baitzen; eta pozez betetako hilabeteak ere izan ziren, Irun Europako hiriburu bihurtu zelako, eta, orain, 25 urte geroago hura guztia ospatu eta partekatu nahi dugu”, azaltzen zuen alkateak.
 
Gurutz Aginagaldek, gaur egun Klubeko Presidenteak, lehen urratsak ematen zituen lehen taldearekin garai hartan, eta hara zer dioen: “Uste dut denok ditugula gogo-gogoan aste haiek, Artalekun eta kaleetan partekatu zena; CD Bidasoa izan da kategoria horretako titulu bat lortu duen lehen euskal kluba eta bakarra, eta hiria oso garrantzitsua izan zen garaipen haietan; horregatik, urteurren hau Iruni eskainitako festa bihurtu nahi izan dugu”.

Azken hilabeteetan, batzorde bat lanean aritu da garaipen haiek gogoratzeko programa bat egiten, Brontë liburu-dendako Ylenia Benitok talde horretan parte hartu du, eta honako hau nabarmendu nahi izan du: “hasieratik ulertu dugu hiriaren festa bat zela; horregatik nahi izan dugu abian jarri ditugun ekintzak” Made in Irun “izan daitezen, eta tokiko enpresa, saltoki eta laguntzaileekin harremanetan jarri nahi izan dugu. Erraza izan da, denok gogoratzen genuelako garaipen hura eta ospakizun hura”.
 
Hiri urdin-horia
Hasteko, hiria urdinez eta horiz jantziko da datorren hiletik aurrera, zilarrezko eztei horiek gogoratuko dituzten banderola eta kartelekin. Europako Koparen profila, denboraldi honetako taldearen elastikoetan presente dagoena, izango da irudi horren protagonista. Dekorazio hau otsailaren 22an eta 29an Poloniako Plocken aurka jokatuko den Europako kanporaketa berriarekin bat gauzatu nahi da.

Gainera, salgai egongo da Hazlan enpresak eginda jokalariek 1994/95 denboraldian jantzi zuten kamisetaren erreprodukzioa ere. Europako Kopako erreprodukzioak ere jarriko dituzte salgai; 3R3D enpresak 3D inprimagailuekin eginak dira eta Bidasoa Institutuak diseinatuak.
 
Turismo-mailan ere bat egin dute ekimenarekin, Irungo turismo-bulegoan kirola maite duten irundarrentzat eta turistentzat salgai egongo diren Europako kopako 25. urteurrena gogora ekartzen duen irudia duten tote bags batzuekin (5 euro). este ekimen batzuetarako ere lan egiten da, hala nola Bidasoa CD txapeldunaren posterraren berrargitalpena, Marraztetabarrek horretarako egindako karikaturekin eguneratuta, eta beste ezusteko batzuk.
 
Erakusketa kalean
Beste ekintza bat erakusketa batean islatuko da. Panelen bidez, hiriko lau puntutan, Kopa hartako irudi eta gertaera gogoangarri batzuk gogoratuko dira. Panel horiek jarriko diren tokiak hauek izango dira: Uranzu pilotalekua, bertatik ere gogoratuko baita orain dela 50 urte maila gorenera lehen aldiz igotzea lortu zuen plantilla; Colon pasealekua, Turismo bulegoaren inguruan; Artaleku eta San Juan plaza. Gainera, hilabete hauetan bisita gidatu batzuk egiteko asmoa dago, duela 25 urteko xehetasunak gogoratzeko.
 
Gastronomia eta merkataritza
Erakusleihoak izango dira beste erakarpen puntu bat. Otsailean eta martxoan zehar, merkataritza sailak erakusleiho-apainketako ikastaro bat antolatu du, 2020an gai honen inguruan, hau da, Europako Koparen 25. urteurrenari buruz eta Bidasoa CDren inguruan. Horrela, merkatariei jarraibideak emango zaizkie erakusleihoak egiteko, martxoan eta apirilean prest egon daitezen.
 
Bestalde, ogitarteko lehiaketa egingo da, bi alderdirekin: epaimahai herrikoia eta epaimahai profesionala. Helburua 25 parte-hartzaile lortzea da, nahi dituzten osagaiekin, nahi duten ogiarekin ogitartekoak egiteko eta nahi duten prezioan eskaintzeko. Baldintza bakarra ogitartekoak efemerideari lotutako izena izatea da, eta apiril osoan kartan sartuta egotea ostalaritza-establezimenduan.
 
Alde batetik, asmoa litzateke eskualdeko hiru sukaldari ospetsuk osatutako epaimahai profesional batek ogitartekoak baloratzea eta 8 finalista aukeratzea. 8 finalista horiek show-cooking ekitaldi batean parte hartuko dute, Zabaltza plazan, publikoari irekia. Bertan, beren ogitartekoak aurkeztuko dituzte epaimahaiaren aurrean, eta irabazlea izendatuko dute. Ekitaldi hau apirilaren 18an, larunbatarekin, egingo da eta txapeldunari Europako Koparen erreplika bat emango zaio.
 
Aldi berean, herri-bozketa egingo da ogitartekoak kontsumitzen dituzten pertsonen artean. Klubak kamiseta eta partida baterako bi lagunentzako sarrera zozkatuko ditu.
 
Papperino Izozki dendak bat egingo du ekimenarekin eta izozki berezi bat prestatuko du. Eta topa egiteko zer hobe Irungo garagardoa baino! Bidasoa Basque Breweryk jada atera zuen CD Bidasoaren oroitzapenezko Arana garagardoa, eta orain horri artisau garagardo berri bat gehituko zaio, enpresa irundarrak urteurren hau ospatzeko aterako duena.
 
Gala eta azken emozioak
Batzordea lanean ari da gainera hainbat kolaboratzailerekin, apirilaren 25ean gala bat antolatzeko. Gala horretan, garaipen hartako protagonistekin irudiak eta istorioak gogoratuko dira. Reflejo Pilomotorrek final hartako oroitzapenei buruz egindako dokumental bat ere estreinatuko dute  Bestalde, 95eko partida birbizitzeko data eta formatuen bila dabiltza. 
 
Erraldoi handi bat
Ondare da jaiarekin bat egin duen Irungo erakundeetako beste bat. Dagoeneko hilabete batzuk badira oroitzapen-erraldoi bat egiteko dirua biltzeko ekimena aurkeztu zuela; datozen asteetan aurkeztuko dute, eta aurreratu dute bakarra eta ikusgarria izango dela.
 
Sare sozialetan
Urteurren honetako informazio guztia, duela 25 urteko programa eta protagonistak eta gaur egungoak Bidasoa1995eko sare sozialetan islatuta daude, bai Twitterren, bai Instagramen. Sare horietan, egungo jokalarien duela 25 urteko irudiak biltzen ari dira; Elgorriaga Bidasoa Europako Txapeldun izatera eraman zuten partidak birbizitzen dira, eta sare horien bidez eskuratu nahi dira zaleek urte hartaz gogoratzen dutena eta haien bideoak eta bizipenak. “Jendeak bideo txikiak egin ditzala nahi dugu edo garaipen harekin lotutako beren historia pertsonala eta nola ospatu zuten konta diezagula gure sareen bidez”, azaldu zuen Benitok.

Minbizia geldiarazten laguntzen duen ikerketa proiekturako, 1.428€-ko dohaintza

C.D. Bidasoako presidentea, Gurutz Aginagalde, eta AECC Gipuzkoako Bidasoako Batzordeko presidentea, Gemma Landache, txekearen emate ekitaldian. Argazkia: CDB.

C.D. Bidasoak AECC Gipuzkoari eman dio Artalekun joan den urriaren 20ko VELUX EHF Champions Leagueko neurketan bildutako diru kopurua, Bularreko Minbiziaren kontrako Munduko Egunarekin lotuta. Lortutako kopurua 1.428 eurokoa da eta Gipuzkoako Minbiziaren kontrako elkarteak urtean zehar sustatzen duen ikerketa-proiektura bideratuko da. Zehazki, bularreko minbizian immunoterapiari buruzko proiektua da. Ignacio Melero doktorea da taldearen buru eta Nafarroako Unibertsitatea Klinikan ari da ikertzen.

Gurutz Aginagalde eskubaloi klubeko presidenteak eman dio gaur goizean bildutako diru kopuruaren txeke sinbolikoa Gemma Landache AECC Gipuzkoako Bidasoako Batzordeko presidenteari. Landacheren hitzetan, “oso eskertuta gaude Bidasoa Kirol Klubaren eskuzabaltasunarengatik”; izan ere, “ekonomiaz harago, ikerketarako funtsak batzeko balioko duen arren, Artalekun egon ahal izatea, elkarterako hain nabarmen den jardunaldi batean, oso garrantzitsua da. Aurten hamargarren urteurrena ospatuko dugu”.

C.D. Bidasoak dohaintzan emandako kopuru horri egun horretan Artalekura gerturatu zirenek egin zituzten banakako dohaintzak gehitu behar zaizkie. Sarbide nagusiaren alboko standean ipinitako kutxan utzi zituzten. Kutxa horretan bildutakoa 480 eurora iritsi zen.

Lortutako kopurua elkarteak urtearen hasieran egin zuen crowfunding-eko erronkara batuko da; betiere, lortu nahi den tratamendura iristeko ikerketa-proiektu zehatz honek behar dituen 160.000 eurotara iristeko helburuarekin. 2019 honetan zehar, funtsak lortzeko hainbat ekimen antolatu dira: Bidasoa Atletiko Taldeak antolatutako Milia Solidarioa, Klink eta Jostalluren otordu solidarioak, Urtzi Betirako kontzertua, diru-bilketa solidarioak Irunen eta Hondarribian, edo Uranzu frontoi berrituan azaroko azken asteburuan izango den kirol-ekimenetan (ironcicling/zumbathon/martxa).

Kauldi Odriozolak kontratua 2023ra arte luzatu du

Kauldi Odriozola eta C.D. Bidasoako presidentea, Gurutz Aginagalde.

C.D. Bidasoak eta Kauldi Odriozola (Zumaia, 1997) jokalariak 2023ko ekainaren 30era arte Bidasoa Irun taldean jarrai dezan akordioa erdietsi dute. Eskuin hegal gipuzkoarra 2015/2016 denboraldian iritsi zen Irunera, bere jaioterriko Pulpo KEtik.

Asobal Ligako hasiberri onena 2016/2017 denboraldian eta Eskuin Hegal Onena azken bi urtetan, Odriozola Espainiako selekzioarekin internazionala da. Zumaiarrak 84 neurketa jokatu ditu Asobal Ligan, eta 336 gol sartu ditu. Aurten, 22 gol egin ditu 5 norgehiagoketan, eta VELUX EHF Champions Leaguen, 17 gol sartu ditu lau partidetan.

“Jarraitzeko gogo asko nituen”

Kauldi Odriozola Bidasoa Iruneko jokalariak kontratua 2023ra arte luzatzea “nahiko erraza” izan dela aitortu du: “Bi aldeak iritsi nahi genuen puntura iritsi gara. Jarraitzeko gogo asko neuzkan. Irunen oso gustura nago. Azkeneko urtetan klubaren eboluzioa oso handia izan da, eta orain dugun proiektua oso interesgarria da. Oso gustura nago hemen jarraitzeko aukerarekin eta klubaren aldetik, ere bai”.

Martxan dagoen denboraldiari dagokionez, Odriozolak “kriston urtea” dela aitortu du: “Ez dugu inoiz ahaztuko esperientzi hau, VELUX EHF Champions League jokatzeko aukera jokatzeko gehienentzat berria da. Beldur pixka bat bagenuen hainbeste partida edukita, maila altukoak, ea nola ibiliko ginen… Oraingoz oso ondo ari gara, bai Asobal Ligan, baita Championsen ere, Barçaren aurka bakarrik galdu dugu. Alde horretatik, oso gustura, azkenean beti esaten dugun bezala, guk gehien disfrutatzen dugun modua irabazten edo behintzat lehiatzen delako”.

Zumaiako jokalaria egun hauetan San Juanen (Argentina) dago Espainiako selekzioarekin batera, Polonia, Errusia eta bertako selekzioaren aurka asteazkenetik gaur arte jokatuko duten lagunarteko txapelketan.

AECC Gipuzkoak eta CD Bidasoak indarrak batu dituzte minbiziaren aurka

AECC Gipuzkoak eta CD Bidasoak elkarlanerako hitzarmena sinatu dute eta, horren bidez, minbiziaren aurkako elkarteak urte osoan abian jartzen dituen kanpaina ugariak babestu eta hedatzeko konpromisoa hartu du bere gain eskubaloi-taldeak. Gainera, Bidasoa Irunek IK Sävehof taldearen aurka igande honetako eguerdian Artalekun jokatuko duen VELUX EHF Champions Leagueko partidako sarrerekin bildutako diruaren zati bat emateko konpromisoa hartu du bere gain.

Hala, sarrera bakoitzeko 20 eurotik 5 AECC Gipuzkoara bideratuko dira ikerketa onkologikoko proiektua babesteko. Urteko finantzaketa osatzeko behar den 160.000 euroko zenbatekora iristen saiatzeko aurtengorako ezarritako erronka baitan kokatu behar dugu ekimena. Sarrerak aldez aurretik eskuratu ahal izango dira elkarteak Irungo Foru kaleko 4 – 1.ean duen egoitzan (943-63 01 15).

“Azken urteotan, C.D. Bidasoak hamaika ekintza sozialetan parte hartu du eta akordio hau gauzatzeko aukera sortu zenetik, itxi behar genuela ulertu genuen”, adierazi du klubeko presidenteak, Gurutz Aginagaldek. Horrelako ekimenek duten “garrantziaz jakitun, pertsona bakoitzak ahal duen neurrian bizitzan zehar hain hurbil bizitzen ditugun egoera hauetan laguntzeko deia egiten dugu”.

Bestalde, Bularreko Minbiziaren Aurkako Mundu Eguna dela eta, elkarteko boluntarioek, igande honetan, partidara sartzeko atean, begizta, eranskailu eta eskumuturreko arrosak banatuko dituzte. CD Bidasoa taldearen maskota ofizialak ere modu aktiboan erakutsiko du Europako partida horretan kausa horri emandako babesa zapi arrosa bat jantzita.

AECC Gipuzkoak elkarlaneko esparru hori baliatu nahi izan du gizartea kontzientziatzeko beharra dagoela azpimarratzeko. Hori dela eta, GKE honetako profesional eta paziente banak CD Bidasoako kategoria ugariri hitzaldi laburra eskaintzeko aukera izan zuten (horien artean, lehen taldeari).

Testigantza emateko ekitaldia Artalekuko jokalekuan bertan egin zuten entrenamendu aurreko minutuetan, eta minbiziaren inguruko prebentzio-mezua zabaldu zieten jokalariei: tumore kantzerigeno bat garaiz detektatzeak, azterketak aldizka egiteak eta bizitza-ohitura osasungarriak bultzatzeak duen garrantzia.

Aurten, AECC Gipuzkoak Gipuzkoako gizarteari erronka egin dio bularreko minbiziaren tratamendu berri batean oinarritutako ikerketa onkologikoko proiektua finantzatzen laguntzeko. Zehazki, Nafarroako Unibertsitate Klinikoko Ignacio Melero doktorea buru duen immunoterapia-proiektua da, eta 2021 hasierarako amaitzea dago aurrez ikusita.

AECC Gipuzkoak 160.000 euroko zenbatekoa lortzeko helburua jarri du, enpresen, partikularren eta ekitaldi solidarioen ekarpenei esker. Orain arte, 100.000 euroko muga gainditzea lortu da, eta Gipuzkoako herritarrak animatu nahi ditugu, haien elkartasunarekin erronka lortzeko gai izango garela erakuts dezagun. Crowdfunding-kanpainak urte amaierara arte jarraituko du, eta ekarpenak Internet bidez egin daitezke helbide honetan: www.retoaeccgipuzkoa.com. AECC Gipuzkoatik nabarmendu nahi dugu egun hori baliatu behar dela gizartea ikerketaren garrantziaz ez ezik, diagnostiko goiztiarraz ere kontzientziatzeko.

500 kasutik gora 2018an Gipuzkoan
Bularreko minbizia izan da 2018an gehien agertzen direnen artean bigarrena; Gipuzkoan 539 kasu berri antzeman dira, Minbiziaren Behatokiko datuen arabera. Gaixotasun horren 5 urterako bizi-itxaropenaren tasa % 90 baino altuagoa da. Horrek esan nahi du bularreko minbizia duten 100 pertsonatik 90ek baino gehiagok diagnostikoa jaso eta 5 urte pasatu ondoren bizirik jarraitzen dutela.

Azkenik, AECC Gipuzkoak gogorarazi nahi du pazienteei eta senitartekoei eskaintzen dizkieten zerbitzuak erabat doakoak direla, bazkide egin beharrik gabe. Minbizia duten edo izan duten pertsonak bertako psiko-onkologoen taldearen arreta jaso dezakete, edo material ortopedikoa maileguan jaso, baita beste zenbait zerbitzu ere, hala nola ospitaletik gertu harrera-etxea izatea, edo behar berezi bakoitzerako aholkularitza pertsonala.

Bidasoa Irun, Kilometroen alde

Bidasoa Irunek Kilometroen alde datorren larunbatean antolatu den Euskal Herriko Eskubaloi Topaketan parte hartuko du. Egun berezi honen baitan irundarrek Helvetia Anaitasunaren aurka jokatuko duten lagunartekoa 19:30ean hasiko da, eta hitzordua gaur goizean aurkeztu da Aritzbatalde Kiroldegian. Bertan C.D. Bidasoako presidentea, Gurutz Aginagalde, egon da, besteak beste. “Urola Kosta eta Zarautz erreferentzia ditugu Gipuzkoako eta Euskal Herriko eskubaloian, bai mutiletan, baita nesketan ere”, azpimarratu du Aginagaldek, eta ziur agertu da horrek “sekulako giroa sortuko duela larunbatean egun osoan zehar”.

Aurten Kilometroak Zarautzen ospatuko dira urriaren 6an, Salbatore Mitxelena ikastolak antolatuta. Urte osoan zehar ematen ari den egitarauaren baitan sartzen da Bidasoa Irun eta Helvetia Anaitasunaren arteko norgehiagoka. “Horrelako gonbidapen berezia gustu handiz hartu dugu. Aurredenboraldia amaitzeko maila oneko Asobal Ligako arerioa aurrean izateaz aparte, euskararen aldeko gipuzkoarron jaiari gure bultzadatxoa emateko modua ere bada”, azaldu du Bidasoako presidenteak. Are gehiago, larunbateko eskubaloi jardunaldiaz aparte, eskubaloi zaleak Kilometroen alde egin dezaten animatu ditu, “eta ez hori bakarrik: egunerokoan ere euskararen aldeko pausuak eman behar ditugu. Klub moduan ere horretan lanean gaude. Gaur egun batez ere gazteleraz dugun web orria euskaraz ere eguneratzen hasiko gara epe laburrean, gure zaleek euren taldearen informazioa euskaraz jasotzeko aukera eta eskubidea eduki dezaten”.

Larunbateko norgehiagoka honekin, Jacobo Cuétarak prestatzen duen taldeak bere sei lagunartekoak Gipuzkoan jokatuko ditu, Hondarribian hasi eta Zumaia, Donostia eta Elgoibartik pasa ostean, Zarauzko Aritzbatalde kiroldegian amaituz. Eguna goizean goiz hasiko da, infantil nesken arteko Orio-Zarautz norgehiagokarekin. Bidasoa Irun-Helvetia Anaitasuna partida baino lehen, Irisarri-Zarautz neska seniorren norgehiagoka ikusteko aukera egongo da (17:00etan). Sarrerak 5 eurotan salduko dira larunbatean lehiatilan bertan.

80 jokalaritik gora nesken teknifikazioan

Foto de familia tras la última sesión de este jueves en Hondartza.

Talde argazkia osteguneko saioaren ostean.

80 jokalari baino gehiagok parte harte dute asteazken eta ostegun honetan CD Bidasoak, Hondarribia Eskubaloiaren laguntzarekin, antolatu duen nesken teknifikazio jardunaldietan.

Entrenamenduak, infantil, kadete eta jubenil mailetako jokalarietan pentsatuak, goizeko 09:00etatik 12:00etara ospatu dira Hondarribiko Hondartza kiroldegian. Teknifikazioko entrenatzaileen artean, Gipuzkoako Eskubaloi Federazioko zuzendari teknikoa, Reyes Carrere; atezain ohi eta CD Bidasoako direktibo Asier Zubiria; Bidasoa Iruneko bigarren entrenatzailea, Borja Burguete; Bidasoako harrobiko entrenatzailea den Sergio Blanco; lehen taldeko Rangel Luan da Rosa eta Xoán Ledo atezainak; eta, asteazkeneko saioan, Super Amara Bera Berako Adriana Cardoso eta Alba Menéndez jokalariak izan dira, besteak beste.

Doakoak izan diren jardunaldi hauen amaieran, parte-hartzaile bakoitzak gida txiki bat jaso du. Dokumentu honetan, teknifikazioak adin bakoitzera egokituta dituen helburu tekniko eta taktiko egokiak azaltzen dira.

Bai, #ItzuliGara (Bidasoa-Irun 28- 21 BM. Sinfín)

Bidasoa-Irun 28: Zubiria (24 geraldi, 3 penalti), Crowley (3 gol), Nonó (7), Odriozola (4), Borragán (3), Popovic eta Lancina (2) -hasierako zazpiak- Cavero (1), Martínez (2), Dejanovic, Beltza, Aldaba, Muiña (2), Basaric (4) eta Azkue.

BM. Sinfín 21: Makaria (10 geraldi), Muñiz (2 gol), Pla, Paredes (1), Ros, Río (2), Jorajuría (6) -hasierako zazpiak- Valverde, Herrero, Amarelle (5), Blázquez (1), Prieto, Postigo, Sánchez (9 geraldi), Calderón (4) eta Herrero.

Markagailua 5 minuturo: 2-1, 6-2, 8-5, 9-6, 12-8 eta 15-8 (atsedena); 16-9, 18-11, 19-13, 20-14, 23-18 eta 28-21 (amaiera)

Gorabeherak: Asobal Ligako 2. jardunaldia. Artaleku (Irun). 900 ikusle.

Arbitroak: Fernández Fernández eta Martín Franco. Bidasoa taldetik kanporatu zituzten Crowley (2), Borragán (2) eta Popovic. Sinfin taldetik kanporatu zituzten Muñiz eta Amarelle.

Ez da denbora asko pasa Bidasoa-Irun taldeak kurtsoko lehen bi puntuak lortu dituenerako. Elitera itzuli izana ospatu nahi izan du Artalekuk garaipen sendo bat lortuz. Bidasoarrak agintzen jarri dira partida hasi orduko. Nonók zeraman puntu gehien batzen lehen minutuetan eta Zubiria hasita zegoen bere estatistikak handitzen azkar asko. Usurbildarrak lehen 10 minututan eginiko sei geraldik eta Bidasoak erasoan erakutsitako efikaziak partida alde jarri zuen hasieratik (6-2). Sinfin taldeak lehen hutsartea eskatu zuen.
Artaleku gozatzen ari zen bere taldeak 3 eta 4 goleko errenta gestionatzen zuen bitartean. Lehen hogeita hamar minutuen amaieran, 4-0 partzial batek 15-8 utzi zuen elektronikoa, Jacobo Cuétararen taldearentzat oso ona. Zubiria, 13 geraldi eginda, -horietako 3 gainera 7 metrotatik-, bikain ari zen. Bigarren zatian errematatu beharra zegoen.

Ezustekorik ez aldageletatik itzultzean

Partida berriz hasi denean Irunentzako albiste positiboak ematen jarraitu du eta kantabriarren aldetik ez zegoen buelta emango zuten itxurarik. Atea aldatuta ere Zubiriak berdin jarraitu zuen eta 8 esku-hartze eduki zituen bigarren erdian. Borragán-ek 19-11 jarri zuen elektronikoan 10 minutuak bete eta gutxira eta bidasoarrentzat errentarik handiena zen hura. Horien abantaila ez zen bost tantotik jaitsiko bigarren zatian (19-14, min 17). Une horretan Jacobo Cuétarak hutsartea eskatu zuen eta bere taldea antolatu zuen geratzen zen denborarako.
Eta geratzen zena Bidasoarentzat oso aldekoa zen. Crowley-ren gol batek abantailarik handiena itzuli zion Bidasoari bi minutu falta zirela (27-19) eta Basaric-ek gaueko azken gola markatu zuen, gogoratzeko modukoa izan zen gaua borobiltzeko. Asobal Ligara itzuli ondorengo lehen garaipena gogoratzeko, hain zuzen.

‘Askoren artean lehena’

Jacobo Cuétara prentsaurrekoan agertu zen partida amaitzean, “pozik lehen garaipenagatik eta taldearen errendimenduagatik”. “Askoren artean lehena, hasi zen esaten teknikoa komunikabideen aurrean.
Puntuak azkar iritsi dira eta Jacobok bere taldean konfiantza du. “Egiten dugun horretan oso ziur gaude. Bostgarren partidan 0 punturekin egongo bagina ere berdin jarraituko genuke. Garaipena lortu arren, Ribadesellako prestatzaileak zera aitortu du: “oraindik gauza asko hobetu behar ditugu”. Hazteko tartea badugu, baina aurkariek zail jarriko digute.”

“Taulako erdi eta beheko zonan oso diferentzia gutxi egongo da. Ahalik eta gehien batzen joan behar dugu azkeneko herenera hobeto iristeko”, zioen Cuétarak Asobal Ligaren nondik norakoaz.

Gaueko heroia ere komunikabideen aurrean agertu da. “Nahiko eroso aurkitu naiz”. Baloiak ateratzen joan naiz, defentsak lagundu egiten zuen eta aurkariak gero eta zailtasun gehiago zuen”, aitortzen zuen Asier Zubiriak. Usurbildarrak bere entrenatzailearen iritzia partekatzen zuen. “Konbentzituta gaude egiten ari garenaz, ondo ari gara lehiatzen eta garrantzitsua da hori garaipen batean islatzea. Sailkapena ez da begiratu behar. Bide honetan jarraitzen badugu, puntuak iristen joango dira”.