LEHEN PORROTA (27-21)

Zumosol ARS Palma del Río 27: Caro de la Barrera (2), Casado (9), Consuegra (2), Del Castillo (3), López, Morales (4), Moreno (2), Morgado, Requena (3), Roque, Seabra, Vidal (2) eta Egea.

Bidasoa-Irun 21: Dejanovic, Zubiria, Azkue (4), Beltza, Bezbradica (3), Cavero (1), Crowley (2), Davidovic (1), Martínez (4), Mouriño (1), Muiña, Odriozola, Portero (1), Vázquez (1) eta Villar (3).

5 minuturo partziala: 0-2, 1-3, 3-5, 5-6, 7-7 eta 12-7 (atsedena); 15-9, 17-10, 20-11, 22-15, 25-17 eta 27-21 (amaiera).

Gorabeherak: Ohorezko Zilarrezko Mailako zortzigarren jardunaldiko partida, Palma del Río-ko “El Pandero” Kiroldegian jokatua, gutxi gora behera 450 ikusle bertan zela.

Arbitroak: Muñoz Díaz eta Posada González. Bertako taldetik kanporatuak Caro eta Seabra (2). Bisitarien taldetik kanporatuak Beltza (2) eta Portero.

Palma del Río izan da Bidasoa taldeak denboraldi honetan jaso duen lehen porrotaren eszenatokia. Fernando Bolearen mutilek ezin izan dute aste exigente bat borobildu, talde horiak erasoan erakutsi duen eraginkortasun txikiak markatutako partidan.

Eta hori, hasieran itxura ona eman dutela. Hasteko 0-3 eta arazoak bertakoentzat, ez baitute beren lehen tantoa lortu 9. minutura arte. Berehala berdindu da partida eta bidasoarrek bere azkeneko abantailaz gozatu dute 6-7 (20 min.). 10 minutu geratzen ziren lehen zatia amaitzeko eta irundarrak ez ziren gai izan Palmakoen atean markatzeko denbora horretan. 7-0 partziala -bigarren zatiko lehen tantoa zenbatzen badugu- eta 13-7 kezkagarrian uzten zuen partida bigarren zatiaren hasieran.

Hobetu beharrean, aldageletatik bueltan gauzak okertu egin dira. Bidasoak ez du aurkitu bertakoen defentsa erasotzeko modurik eta aurkarien kontraeraso ugari erraztu ditu. Emaitza, 20-10, amaitzeko 15 minutu falta zirenean. Amesgaizto txiki bat.

Partida jada erabakita, bidasoarrak markagailuan zertxobait hobetzen joan dira eta abantaila 6 tantotara murriztu dute (21-15, 19 min.), baina 4-0 partzial batek markagailuan hurbiltzeko geratzen zen esperantza txikiarekin amaitu du, esperantzarik geratzen bazen.

27-21, eta denboraldiko lehen porrota. Noizbait izan behar zuen. Hurrengo partida, hemendik bi astetara Artalekun, Bartzelona taldearen aurka.