KAULDI ODRIOZOLA: “OSO POZIK NAGO BIDASOA TALDEAN. HARRO EGOTEKOA DA TALDE HANDI BATEAN JOKATZEA”

Kauldi Odriozola, jokalari bidasoar berria, gaur goizean aurkeztu du taldeak. Zumaiarra Jose Angel Sodupek, klubeko presidenteak lagunduta etorri da eta zera esan du presidenteak: “pozgarria da guretzat Kauldirekin kontatzea. Kadeteetatik jarraitu diogu baina berak nahiago izan du bere zikloa Zumaian bukatzea eta orain Bidasoara etortzea aukeratu du. Kosta egin da, daukan palmaresagatik, baina azkenean hemen dago. Pulpo taldea oso ongi portatu da eta jokalariak ere oso argi zeukan zer egin nahi zuen bere etorkizunarekin”.

Kauldi pozik agertu da bere talde berriarekin eta aitortu du ez duela zalantza askorik izan erabakitzeko garaian. “Asobal eta Zilarrezko mailako taldeen eskaintzak izan ditut baina uste dut onena etxetik gertu egotea dela Bidasoa bezalako talde batean. Etapa hau ilusioz hasten dut. Argi neukan jauzia eman nahi nuela eta aukera ona izan dut Bidasoarekin. Ilusioa pizten duen proiektua da, Asobal ligara igo nahi du eta nik horretan parte hartu nahi dut”.

Azken aldian jasotzen ari den laudorioez galdetuta, bidasoar hegaleko jokalari berriak esan du “ez diela kasu gehiegirik egiten. Gauza interesgarriak egin ditugu Pulpo taldearekin eta selekzioarekin, baina dena frogatzeko daukat, oraindik ez dut klub honekin jokatu”.

Odriozola “jende berriarekin entrenatzen hasteko gogoz dago, jokatzeko eta ongi egiteko”, eta adierazi du jada hitz egin duela Jon Azkuerekin datorren denboraldiko Bidasoari buruz.  “Jonekin hitz egin dut eta esan dit oso gustura dagoela osatzen ari den plantillarekin. Uste dut Bidasoa oso talde polita egiten ari dela”.

Pixka bat itxaron beharko da Bidasoako fitxaje berria jokatzen ikusteko. Kauldik uda mugitua izango du aurretik, nazioarte mailako konpromisoez beteta. Suediatik etorri berria da eta laster Espainiako selekzioarekin Qatar eta Poloniara joango da Errusiako Mundu mailakoa prestatzera. Abuztuaren 21ean itzuliko da, Zilarrezko Ohorezko Maila hasi baino 15 egun lehenago. Irailaren 5ean izango da.