JOSE ANGEL SODUPEK JARRAITUKO DU C.D. BIDASOAREN GIDARITZAN

.D. Bidasoaren presidentziarako hautagai zerrendak aurkezteko epea amaituta, eta zerrendarik aurkeztu ez denez, joan den ostiralean Jose Angel Sodupek prentsaurrekoa eman zuen zera argitzeko: “aurrerapauso berri bat emateko erabakia hartu dut, bide honetan segitu eta agintaldi berrian kluba gidatzen jarraitu”.

Etapa berri bat hasiko da, baina Sodupek gogora ekarri nahi izan ditu azkeneko garaietan ondoan izan dituenak. “Ongi inguratuta egon naizeneko urteak izan dira. Eskerrak ematen dizkiet erakunde, babesle eta presidente karguan daramadan urteetan lagundu duten guztiei. Batez ere Zuzendaritza Batzordeari, oso ausarta izan baitzen duela lau urte babestu ninduenean, egoera delikatua zenean”.

Jose Angel Sodupek argi dauzka hurrengo lau urteetarako helburuak. “Kluba alor ekonomikoan saneatzen amaitu eta, kirol alorrean, Asobal ligan gure tokia edukitzeko borrokatu”. Klubaren gidariak zera ziurtatu du baita ere: “akatsak egingo nituen, presidentea delako agintzen ari dena, baina argi daukat ez dugula berriz zulo ekonomikorik edukiko. Daukagunarekin aurrera egingo dugu”.

Hemendik aurrera, Zuzendaritza Batzorde berri bat osatzeko lanean murgilduko gara. “Ez da bakarrik egin dezakedan zerbait, talde lana funtsezkoa da. Hemendik aurrera, Zuzendaritza Batzorde berri bat osatzeko lanean hasiko naiz, gero elkarrekin proiektua berritzeko.

Bukatzeko, Jose Angel Sodupek argitu digu bete gabeko bere ametsetako bat zein den, ziurrenera hemendik 4 urtera kluba utzi baino lehen betetzeko. “Benetan gustatuko litzaidakeena da kluba Europan uztea. Badakit konplikatua izango dela, baina poliki-poliki hobetzen bagoaz eta oreka mantentzen badugu, erronka garrantzitsuak lortuko ditugu.