JOSE ANGEL SODUPEK BERE TALDEA AURKEZTU DU DATOZEN LAU URTEETARAKO

Atalaia hotelaren kokapen paregabea izan da gaur goizean Jose Angel Sodupek gidatuko duen Zuzendaritza Batzorde berriaren aurkezpenaren lekuko. Bidasoa taldearen buruzagiak prentsaurrekoari hasiera eman dio etapa berri honetan jarraituko ez duten zuzendaritzako hiru kide gogoratuz. “Eskerrik asko Mario Hernandez, Salva Pombar -Fernando Bolearen laguntzaile gisa jarraituko duena- eta Isabel Ocasar, duela lau urte klubean sartzeko adorea eduki zutelako geneukan egoerarekin.”

Zoriontzeko hitzak izan ditu Sodupek azkeneko urte hauetan klubeko alor ekonomikoaz arduratu direnentzat. “Harro esan dezakegu helburua ia erabat bete dela eta horregatik nire zorionik egiazkoena eman nahi diet Mila Vergara, Isabel Vergara eta Agustin Apariciori, alor horretaz arduratu baitira.”

Zuzendaritza Batzordeko kideak aipatu baino lehen, Sodupek argi utzi du zein den datozen lau urteetarako helburua. “Lehentasuna Asobal Ligara igotzea da eta bertan geratzea”.

Zuzendaritza Batzorde berria

Jose Angel Sodupek azkeneko lau urte hauetan batzordea osatu duten batzuekin kontatzen jarraituko du. Horixe da ondorengo hauen kasua: Agustin Aparicio (diruzaina eta taldeko delegatua), Aritz Sodupe (oinarrizko kirolaren arduraduna: eskola eta infantilak), Mila Vergara (alor ekonomikoa), Juan Pedro Chaparro (filialaren arduraduna, jubenilak eta kadeteak) eta Jose Angel Gonzalez (lehen mailako taldearen kirol alorra).

Aurpegi berriak hauek ditugu: Iñaki Emaldi, lehendakariorde karguarekin klubean sartu dena; Iñaki Alvarez, lehen mailako taldearen beharrez arduratuko dena, eta Leo Portilla, klubaren komunikazio eta sozializazio alorra eramango duena.

Zuzendaritza Batzorde berria modu ofizialean ezartzeko helburuarekin, Bidasoa kirol elkarteak datorren astelehenean Batzar Orokor Berezia deituko du eta gai bakarra izango dute aztergai: Zuzendaritza Batzordea aukeratzea.

“Eskubaloian asko jokatzen duen taldea bilatuko dugu”.

Klubeko lehendakariorde berria pozik agertu da “Bidasoaren gonbidapena jasotzean” eta aitortu du beti egon dela klubari lotuta. “Zale, bazkide, jokalari ohi, irratiko kolaboratzaile izan naizen aldetik, Bidasoa nire pasioa da”.

Emaldi oso lotuta egongo da kirol alorrari eta lehen mailako taldea konfiguratzeko garaian bere asmoen berri eman du.Taldea mailari egokitzea bilatzen da. Azkeneko urteetan, arrazoiak edozein izanda ere, beti ibili gara baldintzatuta taldea sortzerakoan. Aurten gorabeherak beste batzuk dira eta denbora dago plantilla bat osatzeko, kontuan hartuta maila honetan nola jokatzen den. Jende azkarra, abiadura duena, eskubaloian asko jokatzen duena bilatzen dugu. Ez dugu hasierako zazpikoa bilatuko, aldaketak egiteko jendea nahi dugu eta denek beren alea jar dezatela”.

Berdintsu aritu da Iñaki Alvarez, beste berrietako bat. “Oso plantilla polita ikusten dut eta iruditzen zait oso lehiakorra izango dela. Ez digute ezer oparituko baina lana gogor eginda uste dut helburuak lor ditzakegula”.