FERNANDO BOLEA: PLAY-OFFA BENETAKO PASIOZ BIZI BEHAR DA” (AUDIOA)

Fernando Boleak gaur goizean Artalekun eman du play-offa baino lehenagoko prentsaurrekoa. Aragoarrak azaldu du aldageletan bizi duten sentsazioa eta berea ere bai, hurrengo asteburuari begira, eta aitortu du ohiko liga amaitu zenetik igaro diren bi aste hauek “oso luzeak egiten ari zaizkigula. Jendea jokatzen hasteko kontuetan gehiago ari da pentsatzen, gauzak prestatzeko baino”.

Galdetuta ea nola egin behar zaion aurre igoera faseari, teknikari bidasoarrak adierazi du “benetako pasioz bizi behar dela. Espero dut partida onak egin ahal izango ditugula. Play-offaren helburua asko kostatu zaigu eta orain hain gertu dugularik denok konbentzituta gaude duela hilabete batzuk oso urruti ikusten zen zerbait lor dezakegula. Iristen ahalegindu behar da eta gure eskubaloirik onena egin, irabazteko edo gutxienez ongi egiteko. Garrantzitsuena izango da jendeak gozatzea eta lasai jokatzea, konfiantzaz”.

Boleak hitz egin du baita ere bere taldearen aukerez. “Uste dut zerbait handia egiteko prest gaudela. Gero ikusi beharko da nola kudeatzen ditugun nerbioak, egin ditzakegun akatsak, giroa eta arbitrajeak. Joan den egunean lagun batek esaten zidan talde bakoitzak %25eko aukerak zituela igotzeko, baina pentsatu nahi dut desorekak egongo direla. Sailkapenagatik kezkatu gabe eta etxean jokatzeagatik agian %35eko aukerak ditu eta pentsatu nahi dut guk ere bai, urtea oso gogorra izan delako, sufritu dugunagatik eta orain daukagun momentu onagatik, igarotako denbora ilun hori eta gero. Dena den, faboritismoak ez du ezertarako balio ez baduzu sinesten eta frogatzen”.

Atlético Valladolid izango da Bidasoa-Irun taldearen aurkaria larunbateko finalerdian. Mister bidasoarrak haren potentziala baloratu du. “Nahiko jende beteranoa duen taldea da, ofizioa dauka, eta ulertzen dut ez luketela presio handiegirik eduki behar. Talde konplikatua da eta urte osoan goiko postuetan ibili da. Hiru aldiz jokatu dugu haien aurka denboraldi honetan eta denetik egon da. Laugarren partida izango da erabakigarria”.

Fernando Bolearen prentsaurrekoaren audioa uzten dizuegu.