Europako Kopako 25. urteurrena, martxan

Irungo alkate Jose Antonio Santanok eta CD Bidasoako lehendakari Gurutz Aginagaldek aurkeztu dituzte Europako Eskubaloi Kopa lortu zeneko 25. urteurrena ospatzeko hiriak datozen hilabeteotan egingo dituen ekitaldiak. Horregatik zegoen Beñardo García ere, 1995eko Europako Kopaz gain, nazioko eta nazioarteko titulu posible guztiak lortu zireneko hamarkada zoragarri hartan CD Bidasoako presidente zena.
 
1994/1995 denboraldian, hain zuzen, egin zituen CD Bidasoak, orduan Elgorriaga Bidasoak, denboraldi berean Liga txapelketa eta Europako Kopa, Irun eskubaloiaren Europako hiriburu eta nazioarteko eskubaloirik onenaren erreferentzia bihurtuz.
 
Garciak adierazi zuenez, “zirraragarria da 25 urteren ondoren denok emozioz gogoratzen dugun zerbait izaten jarraitzen duela ikustea. Zagrebeko partida hura, Irunera iristea, Juantxoren bertsoa udaletxeko balkoitik. Irundarrekin batera une haiek berriz bizitzea pentsatze hutsak hunkitu egiten nau berriro”.
 
“Ez gara Europako lehiaketa bat irabazteaz ari, askoz gehiagoz ari gara. Hiria eman egin zitzaion erabat taldeari, eta uste dut inoiz ez dela ikusi San Juan plaza egun hartan bezain betea. Tituluz betetako hilabeteak izan ziren, liga ere irabazi baitzen; eta pozez betetako hilabeteak ere izan ziren, Irun Europako hiriburu bihurtu zelako, eta, orain, 25 urte geroago hura guztia ospatu eta partekatu nahi dugu”, azaltzen zuen alkateak.
 
Gurutz Aginagaldek, gaur egun Klubeko Presidenteak, lehen urratsak ematen zituen lehen taldearekin garai hartan, eta hara zer dioen: “Uste dut denok ditugula gogo-gogoan aste haiek, Artalekun eta kaleetan partekatu zena; CD Bidasoa izan da kategoria horretako titulu bat lortu duen lehen euskal kluba eta bakarra, eta hiria oso garrantzitsua izan zen garaipen haietan; horregatik, urteurren hau Iruni eskainitako festa bihurtu nahi izan dugu”.

Azken hilabeteetan, batzorde bat lanean aritu da garaipen haiek gogoratzeko programa bat egiten, Brontë liburu-dendako Ylenia Benitok talde horretan parte hartu du, eta honako hau nabarmendu nahi izan du: “hasieratik ulertu dugu hiriaren festa bat zela; horregatik nahi izan dugu abian jarri ditugun ekintzak” Made in Irun “izan daitezen, eta tokiko enpresa, saltoki eta laguntzaileekin harremanetan jarri nahi izan dugu. Erraza izan da, denok gogoratzen genuelako garaipen hura eta ospakizun hura”.
 
Hiri urdin-horia
Hasteko, hiria urdinez eta horiz jantziko da datorren hiletik aurrera, zilarrezko eztei horiek gogoratuko dituzten banderola eta kartelekin. Europako Koparen profila, denboraldi honetako taldearen elastikoetan presente dagoena, izango da irudi horren protagonista. Dekorazio hau otsailaren 22an eta 29an Poloniako Plocken aurka jokatuko den Europako kanporaketa berriarekin bat gauzatu nahi da.

Gainera, salgai egongo da Hazlan enpresak eginda jokalariek 1994/95 denboraldian jantzi zuten kamisetaren erreprodukzioa ere. Europako Kopako erreprodukzioak ere jarriko dituzte salgai; 3R3D enpresak 3D inprimagailuekin eginak dira eta Bidasoa Institutuak diseinatuak.
 
Turismo-mailan ere bat egin dute ekimenarekin, Irungo turismo-bulegoan kirola maite duten irundarrentzat eta turistentzat salgai egongo diren Europako kopako 25. urteurrena gogora ekartzen duen irudia duten tote bags batzuekin (5 euro). este ekimen batzuetarako ere lan egiten da, hala nola Bidasoa CD txapeldunaren posterraren berrargitalpena, Marraztetabarrek horretarako egindako karikaturekin eguneratuta, eta beste ezusteko batzuk.
 
Erakusketa kalean
Beste ekintza bat erakusketa batean islatuko da. Panelen bidez, hiriko lau puntutan, Kopa hartako irudi eta gertaera gogoangarri batzuk gogoratuko dira. Panel horiek jarriko diren tokiak hauek izango dira: Uranzu pilotalekua, bertatik ere gogoratuko baita orain dela 50 urte maila gorenera lehen aldiz igotzea lortu zuen plantilla; Colon pasealekua, Turismo bulegoaren inguruan; Artaleku eta San Juan plaza. Gainera, hilabete hauetan bisita gidatu batzuk egiteko asmoa dago, duela 25 urteko xehetasunak gogoratzeko.
 
Gastronomia eta merkataritza
Erakusleihoak izango dira beste erakarpen puntu bat. Otsailean eta martxoan zehar, merkataritza sailak erakusleiho-apainketako ikastaro bat antolatu du, 2020an gai honen inguruan, hau da, Europako Koparen 25. urteurrenari buruz eta Bidasoa CDren inguruan. Horrela, merkatariei jarraibideak emango zaizkie erakusleihoak egiteko, martxoan eta apirilean prest egon daitezen.
 
Bestalde, ogitarteko lehiaketa egingo da, bi alderdirekin: epaimahai herrikoia eta epaimahai profesionala. Helburua 25 parte-hartzaile lortzea da, nahi dituzten osagaiekin, nahi duten ogiarekin ogitartekoak egiteko eta nahi duten prezioan eskaintzeko. Baldintza bakarra ogitartekoak efemerideari lotutako izena izatea da, eta apiril osoan kartan sartuta egotea ostalaritza-establezimenduan.
 
Alde batetik, asmoa litzateke eskualdeko hiru sukaldari ospetsuk osatutako epaimahai profesional batek ogitartekoak baloratzea eta 8 finalista aukeratzea. 8 finalista horiek show-cooking ekitaldi batean parte hartuko dute, Zabaltza plazan, publikoari irekia. Bertan, beren ogitartekoak aurkeztuko dituzte epaimahaiaren aurrean, eta irabazlea izendatuko dute. Ekitaldi hau apirilaren 18an, larunbatarekin, egingo da eta txapeldunari Europako Koparen erreplika bat emango zaio.
 
Aldi berean, herri-bozketa egingo da ogitartekoak kontsumitzen dituzten pertsonen artean. Klubak kamiseta eta partida baterako bi lagunentzako sarrera zozkatuko ditu.
 
Papperino Izozki dendak bat egingo du ekimenarekin eta izozki berezi bat prestatuko du. Eta topa egiteko zer hobe Irungo garagardoa baino! Bidasoa Basque Breweryk jada atera zuen CD Bidasoaren oroitzapenezko Arana garagardoa, eta orain horri artisau garagardo berri bat gehituko zaio, enpresa irundarrak urteurren hau ospatzeko aterako duena.
 
Gala eta azken emozioak
Batzordea lanean ari da gainera hainbat kolaboratzailerekin, apirilaren 25ean gala bat antolatzeko. Gala horretan, garaipen hartako protagonistekin irudiak eta istorioak gogoratuko dira. Reflejo Pilomotorrek final hartako oroitzapenei buruz egindako dokumental bat ere estreinatuko dute  Bestalde, 95eko partida birbizitzeko data eta formatuen bila dabiltza. 
 
Erraldoi handi bat
Ondare da jaiarekin bat egin duen Irungo erakundeetako beste bat. Dagoeneko hilabete batzuk badira oroitzapen-erraldoi bat egiteko dirua biltzeko ekimena aurkeztu zuela; datozen asteetan aurkeztuko dute, eta aurreratu dute bakarra eta ikusgarria izango dela.
 
Sare sozialetan
Urteurren honetako informazio guztia, duela 25 urteko programa eta protagonistak eta gaur egungoak Bidasoa1995eko sare sozialetan islatuta daude, bai Twitterren, bai Instagramen. Sare horietan, egungo jokalarien duela 25 urteko irudiak biltzen ari dira; Elgorriaga Bidasoa Europako Txapeldun izatera eraman zuten partidak birbizitzen dira, eta sare horien bidez eskuratu nahi dira zaleek urte hartaz gogoratzen dutena eta haien bideoak eta bizipenak. “Jendeak bideo txikiak egin ditzala nahi dugu edo garaipen harekin lotutako beren historia pertsonala eta nola ospatu zuten konta diezagula gure sareen bidez”, azaldu zuen Benitok.