Bidasoa Irun, Kilometroen alde

Bidasoa Irunek Kilometroen alde datorren larunbatean antolatu den Euskal Herriko Eskubaloi Topaketan parte hartuko du. Egun berezi honen baitan irundarrek Helvetia Anaitasunaren aurka jokatuko duten lagunartekoa 19:30ean hasiko da, eta hitzordua gaur goizean aurkeztu da Aritzbatalde Kiroldegian. Bertan C.D. Bidasoako presidentea, Gurutz Aginagalde, egon da, besteak beste. “Urola Kosta eta Zarautz erreferentzia ditugu Gipuzkoako eta Euskal Herriko eskubaloian, bai mutiletan, baita nesketan ere”, azpimarratu du Aginagaldek, eta ziur agertu da horrek “sekulako giroa sortuko duela larunbatean egun osoan zehar”.

Aurten Kilometroak Zarautzen ospatuko dira urriaren 6an, Salbatore Mitxelena ikastolak antolatuta. Urte osoan zehar ematen ari den egitarauaren baitan sartzen da Bidasoa Irun eta Helvetia Anaitasunaren arteko norgehiagoka. “Horrelako gonbidapen berezia gustu handiz hartu dugu. Aurredenboraldia amaitzeko maila oneko Asobal Ligako arerioa aurrean izateaz aparte, euskararen aldeko gipuzkoarron jaiari gure bultzadatxoa emateko modua ere bada”, azaldu du Bidasoako presidenteak. Are gehiago, larunbateko eskubaloi jardunaldiaz aparte, eskubaloi zaleak Kilometroen alde egin dezaten animatu ditu, “eta ez hori bakarrik: egunerokoan ere euskararen aldeko pausuak eman behar ditugu. Klub moduan ere horretan lanean gaude. Gaur egun batez ere gazteleraz dugun web orria euskaraz ere eguneratzen hasiko gara epe laburrean, gure zaleek euren taldearen informazioa euskaraz jasotzeko aukera eta eskubidea eduki dezaten”.

Larunbateko norgehiagoka honekin, Jacobo Cuétarak prestatzen duen taldeak bere sei lagunartekoak Gipuzkoan jokatuko ditu, Hondarribian hasi eta Zumaia, Donostia eta Elgoibartik pasa ostean, Zarauzko Aritzbatalde kiroldegian amaituz. Eguna goizean goiz hasiko da, infantil nesken arteko Orio-Zarautz norgehiagokarekin. Bidasoa Irun-Helvetia Anaitasuna partida baino lehen, Irisarri-Zarautz neska seniorren norgehiagoka ikusteko aukera egongo da (17:00etan). Sarrerak 5 eurotan salduko dira larunbatean lehiatilan bertan.