BERA BERA ETA C.D. BIDASOA BAT EGINDA OINARRIZKO KIROLAREN ALDE LANEAN

Bera Bera eta C.D. Bidasoa taldeek gaur goizean sinatu dute elkarlanerako hitzarmena eta bi elkarteak batera arituko dira lanean 2019ko abuztuaren 31 arte. Goizane Alvarez, Foru Aldundiko Gazteria eta Kiroletako zuzendaria, Tati Garmendia, Bera Bera taldeko eskubaloi sekzioaren arduraduna, eta Jose Angel Sodupe, C.D. Bidasoako presidentea izan dira protagonistak Gipuzkoako Foru Aldundian egin den ekitaldian. Bertan izan dira baita ere Verónica Valverde eta Aritz Sodupe ere, Bera Bera eta Bidasoa taldeetako kirol arduradunak, hurrenez hurren.

Itun honek duen helburua da datozen urteetan oinarrizko kirolaren alde elkarrekin lan egitea eta bi taldeek azken urteetan abian jarri dituzten kirol proiektuak sendotzea.

Lortutako akordioaren barnean, jardunbide batzuk ezartzen dira, besteak beste, oinarrizko kirolean aplikatuko den metodologia. Era honetan, Bera Bera izango da Bidasoako emakumezkoen eskubaloi proiektua aurrera ateratzeaz arduratuko dena. Bide batez, talde donostiarrak lan egingo du gizonezkoen kirola bultzatzen Club Deportivo Bidasoak markatutako irizpideen arabera. Hori guztia, balio batzuk kontuan hartuta, alegia, errespetua, umildadea, talde lana adibidez, eta proiektua aintzat hartuta beti ere ez kirol alorretik soilik, baita alor pedagogikotik ere.

Hitzarmenak jasotzen du baita ere, bi elkarteek uko egiten diotela formazio eskubideei, nabarmentzen diren gazteak aterako balira. Gizonezkoen kasuan Bidasoaren egituran sartuko lirateke eta emakumezkoen kasuan Bera Bera taldean.