Bai, #ItzuliGara (Bidasoa-Irun 28- 21 BM. Sinfín)

Bidasoa-Irun 28: Zubiria (24 geraldi, 3 penalti), Crowley (3 gol), Nonó (7), Odriozola (4), Borragán (3), Popovic eta Lancina (2) -hasierako zazpiak- Cavero (1), Martínez (2), Dejanovic, Beltza, Aldaba, Muiña (2), Basaric (4) eta Azkue.

BM. Sinfín 21: Makaria (10 geraldi), Muñiz (2 gol), Pla, Paredes (1), Ros, Río (2), Jorajuría (6) -hasierako zazpiak- Valverde, Herrero, Amarelle (5), Blázquez (1), Prieto, Postigo, Sánchez (9 geraldi), Calderón (4) eta Herrero.

Markagailua 5 minuturo: 2-1, 6-2, 8-5, 9-6, 12-8 eta 15-8 (atsedena); 16-9, 18-11, 19-13, 20-14, 23-18 eta 28-21 (amaiera)

Gorabeherak: Asobal Ligako 2. jardunaldia. Artaleku (Irun). 900 ikusle.

Arbitroak: Fernández Fernández eta Martín Franco. Bidasoa taldetik kanporatu zituzten Crowley (2), Borragán (2) eta Popovic. Sinfin taldetik kanporatu zituzten Muñiz eta Amarelle.

Ez da denbora asko pasa Bidasoa-Irun taldeak kurtsoko lehen bi puntuak lortu dituenerako. Elitera itzuli izana ospatu nahi izan du Artalekuk garaipen sendo bat lortuz. Bidasoarrak agintzen jarri dira partida hasi orduko. Nonók zeraman puntu gehien batzen lehen minutuetan eta Zubiria hasita zegoen bere estatistikak handitzen azkar asko. Usurbildarrak lehen 10 minututan eginiko sei geraldik eta Bidasoak erasoan erakutsitako efikaziak partida alde jarri zuen hasieratik (6-2). Sinfin taldeak lehen hutsartea eskatu zuen.
Artaleku gozatzen ari zen bere taldeak 3 eta 4 goleko errenta gestionatzen zuen bitartean. Lehen hogeita hamar minutuen amaieran, 4-0 partzial batek 15-8 utzi zuen elektronikoa, Jacobo Cuétararen taldearentzat oso ona. Zubiria, 13 geraldi eginda, -horietako 3 gainera 7 metrotatik-, bikain ari zen. Bigarren zatian errematatu beharra zegoen.

Ezustekorik ez aldageletatik itzultzean

Partida berriz hasi denean Irunentzako albiste positiboak ematen jarraitu du eta kantabriarren aldetik ez zegoen buelta emango zuten itxurarik. Atea aldatuta ere Zubiriak berdin jarraitu zuen eta 8 esku-hartze eduki zituen bigarren erdian. Borragán-ek 19-11 jarri zuen elektronikoan 10 minutuak bete eta gutxira eta bidasoarrentzat errentarik handiena zen hura. Horien abantaila ez zen bost tantotik jaitsiko bigarren zatian (19-14, min 17). Une horretan Jacobo Cuétarak hutsartea eskatu zuen eta bere taldea antolatu zuen geratzen zen denborarako.
Eta geratzen zena Bidasoarentzat oso aldekoa zen. Crowley-ren gol batek abantailarik handiena itzuli zion Bidasoari bi minutu falta zirela (27-19) eta Basaric-ek gaueko azken gola markatu zuen, gogoratzeko modukoa izan zen gaua borobiltzeko. Asobal Ligara itzuli ondorengo lehen garaipena gogoratzeko, hain zuzen.

‘Askoren artean lehena’

Jacobo Cuétara prentsaurrekoan agertu zen partida amaitzean, “pozik lehen garaipenagatik eta taldearen errendimenduagatik”. “Askoren artean lehena, hasi zen esaten teknikoa komunikabideen aurrean.
Puntuak azkar iritsi dira eta Jacobok bere taldean konfiantza du. “Egiten dugun horretan oso ziur gaude. Bostgarren partidan 0 punturekin egongo bagina ere berdin jarraituko genuke. Garaipena lortu arren, Ribadesellako prestatzaileak zera aitortu du: “oraindik gauza asko hobetu behar ditugu”. Hazteko tartea badugu, baina aurkariek zail jarriko digute.”

“Taulako erdi eta beheko zonan oso diferentzia gutxi egongo da. Ahalik eta gehien batzen joan behar dugu azkeneko herenera hobeto iristeko”, zioen Cuétarak Asobal Ligaren nondik norakoaz.

Gaueko heroia ere komunikabideen aurrean agertu da. “Nahiko eroso aurkitu naiz”. Baloiak ateratzen joan naiz, defentsak lagundu egiten zuen eta aurkariak gero eta zailtasun gehiago zuen”, aitortzen zuen Asier Zubiriak. Usurbildarrak bere entrenatzailearen iritzia partekatzen zuen. “Konbentzituta gaude egiten ari garenaz, ondo ari gara lehiatzen eta garrantzitsua da hori garaipen batean islatzea. Sailkapena ez da begiratu behar. Bide honetan jarraitzen badugu, puntuak iristen joango dira”.