«Aurreko urtean bezala»

Mikel Zabala, 2018/2019 denboraldian Barçaren aurka. Argazkia: Arrate Morales.

Bidasoa Irun Bartzelonari begira dago. Ia denborarik gabe Leonen lortutako garaipenaz gozatzeko, Asobal Ligako bigarren jardunaldia gainean dago, eta ez da nolanahikoa: Barça dator Artalekura asteazken honetan 20:30etatik aurrera (Gol TV). Talde gipuzkoarrak argi du nola prestatu norgehiagoka hau: «Aurreko urtean bezala». Iaz katalanek 17-21 irabazi zuten Irunen partida gogor eta luze baten ostean, eta gutxienez hori errepikatzeko nahia dute gipuzkoarrek. «Ez dugu partida galdutzat emango eta pixkanaka joango gara, beste edozein norgehiagoka balitz bezala», adierazi du Mikel Zabala ezker hegalak. «Etxean badakigu gu irabaztea zail dela eta ziur Bartzelonak ere gauzak zail izango dituela».

Barçaren aurkakoa aste honetako lehen norgehiagoka izango da. Larunbatean, Jacobo Cuétararen mutilek Eslovakian Tatran Presoven aurka dute hitzordua. Europako Kopan buelta 24 urte eta gero. «Aste gogorra da», aitortu du Zabalak, «bi partida handi ditugu eta asko eskatuko digutenak. Lehenengoa etxean dugu, eta ilusio handiarekin goaz. Horrelako partidak jokatzea sekulako meritua da eta gogotsu goaz», adierazi du Eibarko jokalariak. Azken finean, «badakigu urtea gogorra izango dela, hurrengo astea gogorra izango dela, baina gogoz goaz».

Joan den ostiraleko denboraldiko lehen norgehiagokari begiratuta, Zabalak argi du «lehenengo partidak beti izaten dira zailak, gainera etxetik kanpo. Hasieran kosta zaigu pixka bat erritmoa eta defentsan tokia hartzea, baina bigarren zatian hasi gara ongi erasotzen, atezainak gehiago gelditu du eta taldeak ondo jolasten duenean, ia irabazezinak gara».

«Abanca Ademar León oso ondo hasi zen, gol bat sartzen ziguten eta bazirudien bi gol sartu zituztela. 10-5 joan zitzaizkigun hasieran, baina talde honek ez ditu besoak jaisten eta berriz ere erakutsi genuen: bost behera joandakoan atsedenaldira bat azpitik joan ginen, eta bigarren zatian ere nahiz eta galtzen joan hor ibili ginen partida osoan. Partida ona egin genuen».

Leongo norgehiagoka ikusteko orduan non egon zen gakoa?: «Gehien bat, konfiantza edukitzea gure sisteman. Bagenekien guk gauak ondo eginda gauzak ongi aterako zirela. Defentsan ongi bageunden eta erasoan ezer arrarorik egiten ez bagenuen, bagenekien hor egongo ginela. Eurek presak eragindako akatsak eduki zituzten, guk horietaz baliatu ginen eta nik uste gure sisteman konfiantza edukitzea izan zela gakoa».