ARTALEKUK BESTE GARAIPEN BAT NAHI DU (SHUA GAIXOTASUNAREN AURKAKO KANPAINA)

Handbol Bordils izango da Bidasoa-Irun taldearen aurkaria larunbat honetan Artalekun (19.00). Fernando Bolearen mutilek irabazi beharra daukate goikoei presioa egiten jarraitu nahi badute. Horretarako, hamargarren toki erosoa okupatzen duen aurkariaren aurrean puntuak lortu beharko dituzte.

Bidasotarrak BM.Torrelavegaren pistan bi puntu lortzetik datoz, Fernando Boleak aitortu duen bezala, oso seguru ez zeukaten garaipena izan zen. “Joan den astean galdu genuenean beldur pixka bat banuen, nola izan zen ikusita, ez baikenuen gure maila eman eta partidaren lehian ez ginen sartu, baina hasi eta bukatu oso ondo egin genuen”.

Bolea bere mutilen lanean zentratzen da eta besteei ez begiratzen saiatzen da. “Partidak irabazi egin behar dira ikusteko ea noraino irabazteko gai garen. Aste honetan aukera on bat daukagu zuzeneko enfrentamenduak daudelako, baina garrantzitsuena ez da besteek zer egiten duten, guk zer egiten dugun baizik. Ongi egiten badugu, play off-ean sartzeko aukerak ditugu berandu baino lehen”, aitortu du aragoiarrak.

Aldagela horian sartu den kide berriari buruz, Edgar Penón jokalariari buruz, Fernandok esan du “oraingoz erasoan gehiago jokatuko duela”. Ongi egon zen, haien defentsan arazoak sortu zituen. Poliki poliki hobetzen joango da, egokitzeko denbora bat eman behar zaio. Lehenengo partidan protagonista izan zen denboran ongi aritu zen”.

Prentsaurrekoaren onena jasotzen duen audioa uzten dizuegu, Fernando Boleak aste honetako aurkaria aztertzen duenekoa.

 
Helburu oso berezia duen partida

Gironako taldearen aurkako partidak oso protagonista berezia izango du. Bidasoa kirol elkarteak SHUA gaixotasun arraroa duen Jara Tomé Serrano irundarrari dedikatuko dio partida.

Jose Angel Gonzalez, elkarteko direktiboak gaur goizean “jendea animatu nahi izan du Artalekura etor dadin ekintza horrekin kolaboratzera. Guk ahal dugun guztia egingo dugu gaixotasuna ezagutzera eman dadin eta elkarteak ahal den eta dirurik gehien bildu dezan”. Kiroldegiaren sarreran hainbat gauza egongo dira salgai: kamisetak, eskumuturrekoak, boligrafoak, pendrive-ak. Gainera, itsulapikoak jarriko dira nahi duenak diru ekarpena egin dezan.

Gaur goizeko ekitaldiak ere Paco Almendrés izan du protagonista, 11 urteko neskato irundarrarekin kolaboratzen duen plataformaren ordezkarietako bat. Espainian 150 pertsonek soilik daukaten gaixotasuna da eta gaixotasun arraroen barnean “ultra” bezala katalogatuta dago.