AECC Gipuzkoak eta CD Bidasoak indarrak batu dituzte minbiziaren aurka

AECC Gipuzkoak eta CD Bidasoak elkarlanerako hitzarmena sinatu dute eta, horren bidez, minbiziaren aurkako elkarteak urte osoan abian jartzen dituen kanpaina ugariak babestu eta hedatzeko konpromisoa hartu du bere gain eskubaloi-taldeak. Gainera, Bidasoa Irunek IK Sävehof taldearen aurka igande honetako eguerdian Artalekun jokatuko duen VELUX EHF Champions Leagueko partidako sarrerekin bildutako diruaren zati bat emateko konpromisoa hartu du bere gain.

Hala, sarrera bakoitzeko 20 eurotik 5 AECC Gipuzkoara bideratuko dira ikerketa onkologikoko proiektua babesteko. Urteko finantzaketa osatzeko behar den 160.000 euroko zenbatekora iristen saiatzeko aurtengorako ezarritako erronka baitan kokatu behar dugu ekimena. Sarrerak aldez aurretik eskuratu ahal izango dira elkarteak Irungo Foru kaleko 4 – 1.ean duen egoitzan (943-63 01 15).

“Azken urteotan, C.D. Bidasoak hamaika ekintza sozialetan parte hartu du eta akordio hau gauzatzeko aukera sortu zenetik, itxi behar genuela ulertu genuen”, adierazi du klubeko presidenteak, Gurutz Aginagaldek. Horrelako ekimenek duten “garrantziaz jakitun, pertsona bakoitzak ahal duen neurrian bizitzan zehar hain hurbil bizitzen ditugun egoera hauetan laguntzeko deia egiten dugu”.

Bestalde, Bularreko Minbiziaren Aurkako Mundu Eguna dela eta, elkarteko boluntarioek, igande honetan, partidara sartzeko atean, begizta, eranskailu eta eskumuturreko arrosak banatuko dituzte. CD Bidasoa taldearen maskota ofizialak ere modu aktiboan erakutsiko du Europako partida horretan kausa horri emandako babesa zapi arrosa bat jantzita.

AECC Gipuzkoak elkarlaneko esparru hori baliatu nahi izan du gizartea kontzientziatzeko beharra dagoela azpimarratzeko. Hori dela eta, GKE honetako profesional eta paziente banak CD Bidasoako kategoria ugariri hitzaldi laburra eskaintzeko aukera izan zuten (horien artean, lehen taldeari).

Testigantza emateko ekitaldia Artalekuko jokalekuan bertan egin zuten entrenamendu aurreko minutuetan, eta minbiziaren inguruko prebentzio-mezua zabaldu zieten jokalariei: tumore kantzerigeno bat garaiz detektatzeak, azterketak aldizka egiteak eta bizitza-ohitura osasungarriak bultzatzeak duen garrantzia.

Aurten, AECC Gipuzkoak Gipuzkoako gizarteari erronka egin dio bularreko minbiziaren tratamendu berri batean oinarritutako ikerketa onkologikoko proiektua finantzatzen laguntzeko. Zehazki, Nafarroako Unibertsitate Klinikoko Ignacio Melero doktorea buru duen immunoterapia-proiektua da, eta 2021 hasierarako amaitzea dago aurrez ikusita.

AECC Gipuzkoak 160.000 euroko zenbatekoa lortzeko helburua jarri du, enpresen, partikularren eta ekitaldi solidarioen ekarpenei esker. Orain arte, 100.000 euroko muga gainditzea lortu da, eta Gipuzkoako herritarrak animatu nahi ditugu, haien elkartasunarekin erronka lortzeko gai izango garela erakuts dezagun. Crowdfunding-kanpainak urte amaierara arte jarraituko du, eta ekarpenak Internet bidez egin daitezke helbide honetan: www.retoaeccgipuzkoa.com. AECC Gipuzkoatik nabarmendu nahi dugu egun hori baliatu behar dela gizartea ikerketaren garrantziaz ez ezik, diagnostiko goiztiarraz ere kontzientziatzeko.

500 kasutik gora 2018an Gipuzkoan
Bularreko minbizia izan da 2018an gehien agertzen direnen artean bigarrena; Gipuzkoan 539 kasu berri antzeman dira, Minbiziaren Behatokiko datuen arabera. Gaixotasun horren 5 urterako bizi-itxaropenaren tasa % 90 baino altuagoa da. Horrek esan nahi du bularreko minbizia duten 100 pertsonatik 90ek baino gehiagok diagnostikoa jaso eta 5 urte pasatu ondoren bizirik jarraitzen dutela.

Azkenik, AECC Gipuzkoak gogorarazi nahi du pazienteei eta senitartekoei eskaintzen dizkieten zerbitzuak erabat doakoak direla, bazkide egin beharrik gabe. Minbizia duten edo izan duten pertsonak bertako psiko-onkologoen taldearen arreta jaso dezakete, edo material ortopedikoa maileguan jaso, baita beste zenbait zerbitzu ere, hala nola ospitaletik gertu harrera-etxea izatea, edo behar berezi bakoitzerako aholkularitza pertsonala.